Lehen sektorea eta Aldaketa Klimatikoa

Aitor Zapirain Larreta, 24 urte. Magisteritzan graduatua, baina lehen sektorean dabil lanean. Behi-esneak ditu bere gidaritzapean.

Lehen sektorearekiko lotura

Txikitatik bizi, ikusi eta ikasi duena da baserriko bizimodua. Aitaren ondoan, betidanik disfrutatu du edozein lanetan eta ondorioz, ilusio hori sortu zitzaion. Eguneroko lana, animaliek ematen dioten patxada, lasaitasuna… ingurunearekiko daukazun ardura, baina aldi berean egiten diozun mesedea… denak erakartzen dio. Eta azkenik, duela 12 urte jarritako esne makinetan dituzten bezeroek ematen dieten esker ona, esne bikaina ematen dutelako, horrek ere indartu eta aurrera jarraitzera animatzen dio.
Mendez-mende jasotako irakaspenak: larreak partzelatu, abeltzaintza erregeneratiboa eta elikadura osasuntsua
Egia esan, gizarteak daraman aldaketa bizkor hau ikusita, katea eten dela iruditzen zaio. Aitorrek,  24 urte ditu eta bere aburuz, jaio zenetik aldaketa handi baten ikusle izan dela uste du. Atzera begira jarrita, egoera, 30 urtetik hona, esponentzialki aldatu dela esaten dute. Europan sartu izanak konpetente izan behar zela eta, izugarri estutu, teknifikatu eta profesionalizatzera behartu zituen baserritarrak; golpetik, baserriko dibertsifikazioetan eta sektoreko arlo bakanetan intentsifikatzera behartuz. Behien gaineko kontrola, higienea, produkzioa..… handitu. Ondorioz, baserria, bizimodu bat izatetik, ia enpresa gordin bat izatera bultzatu zituzten. 
Zorionez, Euskal Herriak daukan orografiagatik, ezinezkoa da gehiegizko intentsifikazioa, eta baserritik bizi direnek familia eredu bat mantendu dute, ekonomikoki ezinezkoa baita edota enpresa eredu batean aurrera jarraitzea.Ahal den heinean inguruko belazeei probetxua ateratzen saiatzen dira, bai belar nahasketa egoki eta orekatu batekin eta baita larretze sistema egokienekin ere. Azken batean, produktua ahalik eta gastu baxuenarekin lor dezaten; baina, denbora eta bizibaldintzei ere balioa emanaz. Azken finean, baserri bakoitzak bere estruktura, egoera, ahalmen eta ahalbide ezberdinak izanik, norbere esku gelditzen da dauzkagun muga guztien eta nahiaren eta ahalaren artean oreka bat bilatu eta aurrera jarraitzeko gaitasuna erakustea.

 
Lehen sektorea eta klima aldaketa

Aitorrek uste du, begibistakoa dela hiriak landa inguruari zenbat eta leku gehiago kendu, orduan eta handiagoa dela klima aldaketa areagotzeko bultzada. Muturreko egoera batean jarriz, lurrazalera guztia landa gune izango balitz ez litzateke gizakiak eragindako klima aldaketarik egongo eta, alderantziz berriz, dena hirigune izango balitz, munduaren desagertzea.
Bere iritziz, lehen sektoretik bizi direnak –biztanleentzako elikagaiak sortzeko bizi direnez gero-, biztanleek eskatutakoa egiten dute, bai kalitatez eta baita kantitatez ere. Lurrari bizia ematen diote, ekosistemaren gurpilari martxan jarraitzen laguntzen diote. lehen kate begia direla dio, eta beraz garrantzitsuena. Lehen sektorerik gabe, ez du uste gizakiak oinarri duen sistema hau bideragarria denik.
Teknikoki adierazita, lehen sektoreak eta, bere kasuan, Euskal Herrian behiekin lan egiten dutenek, eskura daukaten lurrazaleraren arabera egiten dutenez lan, ez da gain produkziorik sortzen, euren animalien kaka eta pixa (dagoen ongarri natural orekatuena) belar eta artoak ongarritzeko erabiltzen dituzte, ongarri kimikoak ahalik eta gehien ekidinez, eta hortaz, ekonomia zirkular bat sortuz. Hortaz, bertakoa bertan, ez dago aldaketa klimatikoaren aurkako neurri hoberik dio.

 

Errelebo generazionala

Aitorren esanetan, egoera ez da batere ona, eta etorkizuna oso beltz ikusten du. Aurretik aipatu duen moduan, sektorean lan egiten dutenek, norbere atsegin ona alde batera utzita, ordu asko sartzen dituzte bueltan ezer jaso gabe, eta ekonomikoki askotan dirua galduz.
Egoera hau izanik, gaur egungo baserritarren seme alabek, gurasoen egoera ikusita, animatzeko arrazoi handirik ez dute aurkitzen, eta beraz, dagoeneko, baserritarren segida hartuko duten gazteak falta dira. Datu bat aipatzearren, orain dela 50 urte, Gipuzkoan 4.000 baserritarrek ekoizten zuten esnea; gaur egun, 160ra ez dira iristen esne behiekin lan egiten duten baserritarrak, eta egoera ikusirik, 10-15 urte barru ez du uste kopurua 50era iritsiko denik. Beraz egoera oso larria da, landa ingurua abandonatuz doa, ekonomikoki ez dute jasotzen beraien lanaren ordainik eta sozialki ere geroz eta muga eta oztopo gehiagoarekin egiten du topo. Guztiz da ulergarria, erreleborik hartzen ez duten gazteen erabakia, baina beldurra ematen dio etorkizunera begiratu eta –martxa honetan-, hainbeste generazioren lana eta esfortzua eurekin amaituko dela ikusteak.

 

Gizartearen inplikazioa

Lehen sektorean lana egiten dutenek, azken batean, gizartearentzat ekoizten dituzte elikagaiak, eta beraz, gizarteak hartutako erabakia bat edo beste izan, haientzako aldea handia da. 
Beraz, konsziente izan behar dugu, bertako egoera sozio-ekonomikoan lagundu nahi badugu, ez dagoela bertako elikagaiak kontsumitzea bezalakorik. Horrek ekoizleoi ere lagunduko die, bai ahalik eta produktu onenak ekoizten, bai ingurunea txukun eta orekan mantentzen, eta baita kanpoko eragileenganako menpekotasuna txikitzen ere. Dagoeneko, eragile positiboak izanda klima aldaketaren aurka, are gehiago azken neurri hauekin, animalien elikadura eta produktuen elaboraziorako behar ditugun lehengaiak lortzeko karbono aztarna nabarmen murriztuko lukete.

¡Haz clic para puntuar esta entrada!
(Votos: 12 Promedio: 5)

Añadir comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Related Post